
Urte osoan zehar luzatu den borrokaldia:
Euskal preso politikoen aurka ezarritako salbuespeneko neurriek eta oro har Kolektiboa suntsitzeko helburuz aurrera eramaten ari diren espetxe politika ankerrak beti izan dute aurrean euskal preso politikoen jarrera irmoa beraien eskubideen defentsan. Azken urteotan Kolektiboaren aurkako salbuespeneko neurrietan sakontzeko urratsak eman dituzte espainiar nahiz frantziar estatuek, eta egoera larri honi erantzun irmo bat emanez urte osoan zehar luzatuko den borrokaldiari ekin zion Kolektiboak urtarrilean.
Urtarrilean Kolektibo osoak batera egin zituen protesta ekimenak, besteak beste itxialdiak, baraualdiak eta komunikazio grebak burutu zituztelarik.
Otsailean aurrez aurreko bisiten harira senideen aurka emandako jazarpenari espetxe ezberdinetan erantzuna eman zitzaion, azken asteburuan komunikazio grebak eta plantoak burutu zituztelarik.
Martxoan espainiar nahiz frantziar estatuetako hainbat espetxetan ekimen propioak burutu zituzten, espetxe bakoitzak erabaki zuelarik zein modutan burutuko zituzten borrokak. Gose greba luzeak izan ziren tartean, Fleuryn adibidez.
Ekainean jarraipena izan zuen borrokaldi mugikorrak, eta hainbat espetxetan dauden euskal preso politikoek ekimen ugari burutu zituzten, beraien eskubideak aldarrikatuz.

Gernikako presoa dan Jabi Abaunzak eta Ander Gerestak 11 egunetako gose eta egarri greba egin zuten abuztuan, bisitetara irtetean egin nahi zizkieten miaketa umiliagarriak zirela eta. azkenean, espetxeko zuzendariak tratu duina emateko konpromisoa hartu zuen. Protestaldiaren ondorioz preso bakoitzak 15 kilo galdu zituen.
Urte osoan zehar luzatu den borrokaldiaren azken txanpan sartu gara irailean, eta borrokaldi mugikorrean murgilduak daude Espainiako eta Frantziako hainbat espetxe. Irailaren 1ean hasita espetxeotan dauden euskal preso politikoak ekimen ugari burutzen ari dira, espetxe politika ankerrari aurre egiteko.
Borrokaldiaren arrazoiak:
Euskal preso politikoei ezartzen zaizkien muturreko egoerei erantzun eta preso politiko bezala dagozkien eskubideak aldarrikatzea izango da borrokaldiaren helburua.
Euskal preso politikoei biziarteko zigorra ezarri zaie:
53 euskal preso politikori ezarri diete Espainiako Entzutegi Goreneko doktrina, legeztaturiko biziarteko zigorra hain zuzen ere.
- 20 urte baino gehiago espetxean daramatzate 53 euskal preso politikok
- 25 urte baino gehiago espetxean daramatzate 13 euskal preso politikok
- Jon Bilbao Morok 28 urte bete zituen espetxean pasa den urtarrilean
- Jon Agirrek 29 urte bete zituen espetxean pasa den maiatzean
- Jose Mari Sagardui Gatzak 30 urte bete ditu espetxean uztailean.
Gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoen egoerak alarma guztiak piztera garamatza:
· Zazpi euskal preso politiko espetxean dituzte preso gaixotasun larriekin. Tartean eskizofrenia eta
minbizia bezalako gaixotasunak dituzten presoak daude.
· Sei euskal preso politiko espetxealdi arindua betetzen ari dira etxean, kontrol neurri zorrotzekin.
· 137 euskal preso politikok gaixotasun fisikoak dituzte.
· 35 euskal preso politikok behar dute une hauetan asistentzia psikologikoa.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboan 700 presotik gora daude:
- Zortzi bakarrik daude Euskal Herriko espetxeetan.
- Hiru daude Portugalen
- Hiru daude Italian
- Bat dago Belgikan
- Bat dago Irlandaren iparraldean
- Bat dago Ingalaterran
- 165 frantziar estatuan
- 537 espainiar estatuan
Aurreko datuek ondo erakusten duten bezala sakabanaketak indarrean jarraitzen du:
- Urte honetan zortzi istripu eragin ditu
- Istripu hauetan zazpi lagun izan dira zaurituak
Euskal preso politikoen Kolektiboari muturreko egoerak ezarri zaizkie, eta honen adibiderik argiena da Mikel Ibañez eta Gotzonen Lopez de Luzuriaga euskal preso politikoekin berriki gertatu dena. Gotzonek abuztuan bete zuen aurrez ezarri zioten kondena, baino Entzutegi Goreneko doktrina ezarri diote beste hamar urtez luzatuz espetxealdia. Mikel Ibañez etxean preso aurkitzen zen zuen gaixotasun larria medio, baina berriz espetxeratzea erabaki du Espainiako Entzutegi Nazionalak.
Azken hilabeteotan espetxe barneko bakartze politikan sakontzen ari direla ikusten ari gara, besteak beste aipagarriak dira Mikel Karrera, Arkaitz Agirregabiria, Maite Aranalde, Mattin Olzomendi eta Joseba Fernandezek frantziar estatuko espetxeetan burutu dituzte gose greba luzeak. Borrokaldi luzeen ondoren lortu zuten bakartzearekin amaitzea.
Bisitetara bidean eta bisitetan bertan senideen aurkako jazarpenak ez du etenik. Poliziaren jazarpena areagotzen ari da, kontroletan denbora luzez edukitzen dituztelarik senideak. Aurrez aurreko bisitetan berriz senideak miaketen jomuga izaten jarraitzen dute, astebururo hainbat bisita galtzen dituztelarik preso eta senideek. Azken asteetan senideen aurkako jazarpena areagotu da bidaietan, honen adibide dira Andaluziara bidean zioan senideen furgoneta gelditu izana kontrol batean asteburu honetan edo pasa den asteburuan Juan Carlos Subijana presoaren bikoteak kontrol batean jasotako irain eta mehatxuak.
Espetxeetan egoerak oso larria izaten jarraitzen du eta espetxeetako egoera larriari erantzuteko xedea du borrokaldiak. Espetxeetako egoera muturrera eraman duten heinean kalean presoekiko elkartasunak errepresioaren jomugan jarraitzen duela ikus dezakegu. Arrasaten Igor Letonaren ongi etorria debekatu du Espainiako Entzutegi Nazionalak, eta berdina egin du Laura Rierari Bartzelonan egin asmo zioten harrerarekin. Bilboko jaietan presoekiko elkartasun ekimenak debekatu dituzte, berdina egin dute Bartzelonako Sans auzoan burutu asmo zuten elkartasun brindisarekin. Aste honetan Txori Barrote konpartsako lau kide epaituak izango dira Espainiako Entzutegi Nazionalean. Herrietako jaietan ere jomugan egon da presoekiko elkartasuna, besteak beste Hernanin, Oreretan, Donostian, Santurtzin, Iruñean, Bilbon e.a. Elkartasunaren aurka jazarpenak ez du etenik, ezta elkartasunak ere.
Euskal Herrian aro politiko berri bat zabaldu den honetan, euskal preso politikoen eskubideen alde ekimena indartu behar dugu datozen hilabeteotan. Frantziar eta Espainiar gobernuak dituzte espetxeetako giltzak, eta ezinbestean bi gobernu hauei presioa egin behar zaie espetxeetako ateak ireki ditzaten. Abian den prozesu politikoak Amnistiarainoko bide egin behar du ezinbestean, euskal preso eta iheslari guztiak eskubide ororen jabe etxean izan dituzte.
Amnistiaren bidean euskal preso politikoen oinarrizko eskubideen bermea izango da lehen mugarria. Kolektiboari ezarri dizkioten muturreko egoerak altxatzera jo behar dugu, biziarteko espetxe zigorrarekin amaituz, gaixo dauden presoak askatuz eta sakabanaketarekin amaituz. Aldarrikapen hauek dira nagusi euskal preso politikoak burutzen ari diren borrokaldian, eta aldarrikapen hauen inguruan kale mobilizazioa eta erakundeen inplikazioa eta konpromisoa antolatzea beharrezkoa izango da. Horretara dei egiten ditugu herritarrak.