Kolektiboak honela definitzen du bere burua: “Jatorri eta izaera politikoa dugun heinean, kartzelatuak izan garen euskal herritarrok EPPK osatzen dugu, Euskal Herriaren alde egiten segitzeko asmoz. Kartzela esparrutik eta molde bateratuaz eragiteko tresna dugu, izan ere, Kolektiboa. Gatazka politikoarekiko loturari irmoki eutsi eta gure parte-hartzea euskal prozesu politikoan bideratzeko tresna modukoa, alegia. Hori, besterik ez baita EPPK.

 EPPKren sustraiak:

Kolektibo honek Euskal Herriaren alde borrokatzeagatik preso izan diren guztiengan bilatzen ditu bere sustraiak, eta bereziki 1936ko gerran eta Frankismoan preso izan direnengan.

 Gaur egungo Kolektiboa, ordea, 1977ko abenduan azken euskal preso politikoa Espainiako espetxetik irten eta handik 20 egunetara, 1978ko urtarrilean espetxera sartutako euskal herritarrekin mamitzen hasi zela esan daiteke.

 Espetxe politika:

Espainiako eta Frantziako gobernuak espetxe-politika zehatza definitzen joan dira Euskal Preso Politikoen Kolektiboari aurre egiteko, beti ere, horien jatorriko gatazkaren gorabeherei estu lotuta. 2008ko abenduan Espainiako Barne Ministro Rubalcabak berretsi zuen espetxe-politika ETAren aurka Espainiako Estatuaren estrategia dela, eta presoak baliatzen dituztela ekinbide horretan .2009ko irailean Rodolfo Ares EAEko Barne sailburuak, espetxe politika borroka antiterroristarako tresna bat dela zehaztu zuen.

 Sakabanaketarekin batera, neurri, arau eta lege ugari egokitzen joan dira Kolektiboa desegiteko asmoz: bizi-baldintzak gogortzea, presoen senideak modu batera eta bestera zigortzea, ikasketak debekatzea, komunikazioak murriztea eta, batez ere, espetxe zigorrak luzatzea; hauetan ezagunena, “Parot doktrina” deritzona izan da.

 Espainiako Zigor Kodearen aldaketak:

Espainiako Zigor Kodeak Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideei begira hainbat aldaketa izan ditu denboran zehar.

     1973ko Zigor Kodea:

1973ko Zigor Kodearen arabera, preso batek gehienez 30 urte egin zitzakeen kartzelan, eta, hartara, ezarritako zigor guztiak 30 urtean biltzen ziren. Horrezaz batera baziren zigor hori arintzeko neurriak: hiru laurdenak beteta baldintzapean aske irtetea, espetxe onurekin kartzelan denbora gutxiago egitea...

     1995eko Zigor Kodea:

"Terrorismo" delituarekin lotutako zigorrak handitu ziren, beste batzuk murrizten ziren bitartean. Gainera, desagertu egin ziren espetxe zigorra murrizteko onurak. Baldintzapeko askatasuna lortzeko moduak ere aldatu ziren, eta baldintza berezi berriak ezarri zitzaien "terrorismo" delituarekin lotutako zigorren kasuan: barkamena eskatzea, "terrorismoa" gaitzestea...

     2003ko aldaketak:

 2003ko erreforman, hainbat lege aldaketa gehiago egin zituzten; tartean, adingabekoak Auzitegi Nazionalean epaitzea ekarri zuena. Era berean, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitutako guztien espetxeko baldintzak kontrolatzeko, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentrala ezarri zuten, ordura arteko Tokiko zaintza epaitegiek aplikatzen zituzten irizpide juridikoen gainetik Gobernuaren Espetxe Politikaren irizpideak gailentzeko.

     2005etik aurrera “emakumeen babeserako” espresuki egindako artikulu zehatz batzuk euskal errepresaliatuen aurka erabiltzen hasi ziren, hain zuzen kondena bete eta gero beraien herrietatik hainbeste kilometrotara erbesteratuak izatea.

     Auzitegi Gorenaren 197/2006 sententzia:

2006an Espainiako Gobernuak neurri berriak iragarri zituen Iñaki de Juana kalera ez zedin. "Haren kontrako inputaziorik ez badago, eraiki egingo ditugu" esan zuen Juan Fernando Lopez Aguilar Espainiako Justizia ministroak 2006ko urtarrilean. Espetxeko zigorrak murrizteko jasotako onurak ezin izan zizkioten baliogabetu baina, eta inputazio berriak ezarri zizkioten bi iritzi artikuluengatik. Unai Paroten kasuan, De Juanaren auzian jasotako onurak baliogabetu ezin zirela finkatuta gelditu zenez, zigor guztiak 30 urtean batu beharrean bi kondenatan banatzea erabaki zuen administrazioak, horrela espetxe zigorra luzatzeko. Horren kontrako helegitea onartu zuen Auzitegi Gorenak, baina bere ebazpenean erabaki zuen, inork proposatu eta galdetu gabe (auzia 1973ko Zigor Kodeak esaten zuen moduan espetxe zigor guztiak 30 urteko zigor batean batzearen ingurukoa zen), jada onartutako espetxe onurak kentzerik ez zegoela, baina ezarritako zigor bakoitzari aplikatu behar zitzaizkiela. Harrez gero, irizpide hori aplikatzen zaie 1973ko Zigor Kodearekin epaitutakoei. Beraz, zorroztasunez ulertuta, bizi osorako espetxe zigorra presoaren bizitza osoa irauten duen zigorra da; hala ere, 20 urtetik gorako zigorrak izendatzeko erabiltzen da, iraupen honetako zigorrek ondorio fisiko eta psikologiko latzak eragiten dituztelako eta hortaz, giza eskubideen ikuspegitik onartezinak direlako.

 Espetxean denbora gehien damaten EPPKren kideak:

    Jose Maria Sagardui Moja (Zornotza), 1980ko uztaiaren 8tik.

    Jon Agirre Agiriano (Aramaio), 1981eko ekainaren 11tik.

    Jon Bilbao Moro (Erandio-Astrabudua), 1982ko urtarrilaren 15etik.

 Gaixoak:

Gaixo larriak:

    Jon Agirre Agiriano

    Jose Migel Etxeandia Meabe

    Jose Ramon Foruria zubialdea

    Gotzone Lopez de Luzuriaga Fernandez

    Josu Uribetxebarria Bolinaga

    Nahasmen psikotikoa duen gizonezkoa

Asistentzia psikologikoa jasotzen dutenak (larritasunagatik 92. art. eskatu dutenak barne) 36

Mota guztietako osasun asistentzia jasotzen duten presoen kopuru totala: 181

Beraz, kontuan izanik 750 bat euskal preso politiko senide daudela egun (zifrak aldakorrak dira) %24ren bat da gaixorik dagoena. Eta horietako % 3ren bat larriki gaixorik daudenak.

 Sakabanaketa: zigor erantsia

Ez dute aski espetxeratzearekin, gatibu hartzearekin. Urte asko dira euskal preso politikoak Euskal Herritik urruntzen hasi zirela. Urrundu, sakabanatu, isolatu eta bakartzen. Baita espetxe berezietan bildu ere, hastapen haietan, Herrera eta Yeserias Guantanamo laborategietan. Tratamendu eta jazarpen bereiztua jasan behar izan dituzte “politika antiterrorista” deiturikoaren baitan garatu duten espetxe politika hau jasan behar izan dutenek eta jasaten ari direnek. 1989an helburu eta praktika orokortuarekin martxan jarri zuten Espainiako agintariek euskal preso politikoen kontrako sakabanaketa, PNVko arduradunen laguntza eta babes erabakigarriarekin, nahiz eta orain aitortu emaitza antzua izan dela kolektiboarekin amaitu ez dutelako. 20 urtez jo eta su aritu dira Kolektiboa apurtzeko saiakeran, presoa suntsitu eta amore eman dezan ahalegin miserablean. Estatu espainiarrean bezalatsu frantziarrean ere gertatu da.

Sakabanaketa, urruntasuna da bai, distantzia, kilometroak, errepide eta auto istripuak, xahutze ekonomikoa. Baina deportazioa ere bada, badu berekin deserri asmoa. Sakabanaketak, oinarrizko eskubideen urraketa etengabea dakar berarekin, debeku eta zigorrak, isolamendu eta zigor ziegak. Ezin euskaraz bizi, ezin euskaraz ikasi. Barneko nahiz kanpokoekin komunikatzeko oztopoak, arau murriztaile zaharberrien bidezko bisita, osasun asistentzia ezaren xantaia… Sakabanaketa zigor erantsia da, preso eta haren ingurunearentzat. Inongo tribunalek ebatzi gabeko zigorra eta agintari politiko frantses nahiz espainolek exekutatzen jarraitzen dutena. Zigor gehigarri honek presooi ez ezik euskal gizartearen eremu zabal bati eragiten dio, hautu politiko zehatz batetik haragoko eremuari.

 Espetxe politikak eta sakabanaketak ondorio lazgarriak ekarri ditu. Latzenak, haren eraginez izan diren heriotzak dira. 37 heriotza, preso eta senide-lagunen artean. Horra datu hotz eta krudela. Heriotza planifikatuak dira eta beraz, politika kriminalaz mintzatu behar dugu. Ez da kasualitaterik, ez da patu konturik. Borondate garbia dago, eta erabaki politikoa ere bai. Hildako guztiak ez dira ordea berdinak. Errazegi isilarazten dira zenbaki hauek, errazegi ahantzarazten. Izen abizenak badituzte, baita senide eta ingurune soziala ere. Denbora, lana, osasuna, dirua eta bizia galtzeraino asko gara gure egunerokoa utzi eta bisitetara presoak ikus eta haiekin solastera joaten garenok, presoen egoera zuzenean ezagutzera goazenak, malko edota irrien artean gure herrietako berriak daramazkiegunok.

 Aldarrikapenak:

"Kolektibo gisara gure ekarpena, Euskal Herriaren eskubideak errespetatuak izan daitezen indar egitean datza. Ukazio horrek ekarri gaitu espetxera eta Kolektibo honetako partaide izatera. Dagozkigun eskubideak aldarrikatuz eta errespetaraziz ekiten dugu norabide horretan.

Bat egiten dugu ondorioz, gatazka politikoa gainditu eta erabakitzeko eskubidea gauzatzeko, prozesu demokratiko baten beharrarekin eta haren aldeko apustuaren determinazioarekin."

EPPKk estatus politikoa aldarrikatzen du bere kideentzako. Eskabide hori, Euskal Herriratzearekin batera, honako eskubide hauetan mamitzen dela zehaztu dute:

• Tratu duin eta begirunezkoa jasotzeko Eskubidea

• Osasun Eskubidea

• Komunikazio Eskubidea

• Hizkuntz Eskubidea

• Hezkuntza Eskubidea

• Ama eta aitatasuna eskubidea

• Askatasunerako eskubidea

• Euskal Preso Politikoen Kolektibo gisa, Euskal Herrian eta elkarrekin bizitzeko Eskubidea